2023(e)ko Martxoaren 23a, Osteguna
‘Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat' programaren 3. edizioa izango da aurtengoa, eta Arabako Mendialdeko Kuadrillara bideratuko da. Vital Fundazioa, Arabako Foru Aldundia eta Murgiako LHII ditu buru ekimenak eta 7 herritako proposamen berriak jaso ditu dagoeneko, eta aurreko urteetan parte hartu zuten 15 udalerritan jarduten jarraituko du.
2023ko edizioan honako proposamen hauek nabarmentzen dira: Haranako partzuergoa ezagutzera ematea, gaur egun inguruan bizi direnek duela 200 urte mendia nola bizi eta kudeatzen zen jakin dezaten; XVIII. mendean landatutako ehun urtetik gorako gaztainondoen iraunkortasuna sustatzea; edo Mendialdeko animalia eta landare bereizgarrien garrantziaz sentsibilizatzea. 2023rako deialdia zabalik dago biodibertsitatea hobetzeko ekintzak sustatu nahi dituzten Arabako Mendialdeko toki-erakundeentzat.
Arabako Lurralde Historikoko herrietan gure ekosistemaren biodibertsitatearen aldeko kultura sortzea eta baliabide naturalak modu parte-hartzailean kudeatzea du helburu ekimenak. 2030 Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzan txertatzen da ekintza, eta Garapen Jasangarriaren 15. Helburua du ardatz. Lurreko ekosistemen eta ur gezako barneko ekosistemen kontserbazioa eta jasangarritasuna bermatzea da helburua, bereziki basoak, hezeguneak, mendiak eta eremu idorrak.
Web honetan daukazu informazio guztia.